Itsasoa

Ikasturtearen azken txanpa honetan,  Haur Hezkuntzako ikasleak “itsasoan” murgildu dira. Binaka itsas arrain bat aukeratu zuten eta etxekoen laguntzaz animalia horren inguruko informazio eta argazkiak aurkitzeari ekin zioten. Eta bai aurkitu ere! Etxeko lanak primeran egin ondoren, beren taldekidearekin elkar banatu eta zer jarriko zuten adostu zuten, gero kartulinan apain apain jarriaz. Lanari amaiera emateko asmoz, informazioa barneratu eta gelakideei azaltzera animatu ziren ikasgelako eszenatokian.

Baina hori ez zen bukaera izan, ez horixe. Ikasitako guztia ikustera joan ginen Donostiako Aquariumera txango eder bat eginez. Han ikusi genituen, marrazoak, pailazo arrainak, marmokak, itsas zaldiak… Liluraturik egon ginen animaliei begira azalpenak entzuten!

Lanean fin-fin ibili zirenez, sorpresatxo bat ere izan zuten Aquariumetik atera ostean, “Galaxy Park” txiki parkera joan baiginen. Han ibili ginen gora eta behera toboganean, bolaz beteriko pistinan igerian, futbolean, eskalatzen…pentsatuko duzuen bezala leher eginda bukatu genuen, baina oso oso gustura.

Añorgako frontoian bazkaldu, gelditzen zitzaizkigun indar apurrekin jolasak egin eta etxera bueltan autobusa hartu genuen. Ez ahazteko moduko eguna izan zen.

Utzazu iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.